XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRITZIA

Bertsoaren muina bukaerako arrazoi kolpea da, orain ere

RUFINO IRAOLA

NAHI duenak nahi duena esango du, baina bertsoaren izatea, orain ere, bukaerako arrazoi kolpean datza.

Hori bai, arrazoi kolpeak izan litzake forma eta enfoke diferenteak: umorea, pikardia, ziri sartzea, agintea edo modan dagoen pertsonajea satirizatu, arrazoibide logikoa, joko dialektikoa...

Bertsoak, noski, alderdi teknikoa ondo betetzen badu, askoz hobe; eta horrez gain, erregistro egokia erabili eta bertso barneko diskurtsoa koherentziaz josia bada, orduan bertsoa perfektua izango da.

Demostraturik dago entzulegoari graziarik gehien egiten dion bertso klasea azken kolpe fuerteko bertsoa dela.

Bertso onak (teknikoki) bakarrik ez du azken arrazoi zorrotzekoak adinako txalo zaparradarik eragiten.

Eta bertso klase hori ez da inoiz modatik pasatzen.

Azkeneko Bertso Egunean ederki ikusi zen orain arte esaten eta defendatzen ari garena.

Eszenategian jaulki ziren ordena berean komentatuko ditugu txalorik ugarienak jasotako bertso batzuk.

Lazkanok, adibidez, oso ateraldi polita izan zuen oholtza gaineko lau aitonak (Agirre, Lizaso, Azpillaga eta Xanpun) presentatzerakoan: ... oraindik gazte daude, hobeto esanda, zahartzeko astirik ez dute izan da.

Hamaika poetak izenpetuko luke pozik paradoja polit hori.

Amurizak ere agurreko bertsoan izan zuen ateraldi ederrik?

Dakizuenez, aspaldi ez dela bertsolaritzari buruz polemika dexentea ibili da komunikabideetan.

Horixe gogoratuz bota zuen lehen bertsoa: ... pesimistenek esaten dute hau bazihoak lurpera; biaje horrek ez dit ardura urtero bizten bagera.

Jon Sarasuak, ildo beretik, oso irudi polita erabili zuen: ... bertsolaritza lotarako ere ez zaigula etzan.

Baina bertsoaren tartean bota zuen; seguru gaude hori amaieran esan izan balu, beste eragin bat izango zuekeela entzuleengan.

Joxe Agirrerena da beste adibide bat.

Puntua ipinita hark eman zion akabera baino zorrotzagorik ez dago ematerik.

Honela zioen Izazpik ipinitako puntuak: Ez al da oso tristea horrela zahartzea?

Eta Agirrek: Posible al da aiton bati puntu hau jartzea? Pentsatzen al dezu beti ilea hartzea? Ez da askoz hobea gazterik hiltzea.

Parentesi artean beste kontu bat ere esan nahi nuke.

Fonetika kontuan ere baditu gauza bitxiak Agirrek.

Adibidez, binberatu.

Egaña beti da sorpresa-iturri eta ziri sartzaile aparta.

Joan den larunbatean Jon Enbeitarekin egin zuen saioan ere ederki nabarmendu zen.

Gaiak hala aginduta, beranduago jaio izan banintz zen Enbeitaren arrenkura, eta Egañarena, berriz, lehenago jaio banintz.

Enbeita hasi zen, eta doinu luze horietako batean hasi ere.

Egañaren adarra jotzeko moduan mortala da: doinua aldatu eta honela erantzun zion: ... honek doinu bat ta nik beste bat, oso xelebre gabiltza, doinu zahar hori jakingo nuen lehenago jaio banintza.

Saioaren beste momentu batean, noizbait nonbait kantaturiko bertsoaren azken puntua eman zien bertso berria osa zezaten, baina puntu horrek azken aurrekoa izan behar zuen oraingoan.

Egañarena hauxe zen: Nik pasa dedan gozaldi hori inortxok ez dit kenduko.

Bertso hori lige baten ostean Azpeitian kantatua da.

Baina begira gauzak nola diren: ... kondoirik ez nuen jantzi nik eta, berriz ez dut kantatuko.

Disimulu handiagoan garbiago ez dago ezer.

Lizasok ere irudi ederra darabil.

Noizbat kantaturiko bertsoaren amaiera hau da: Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira.

Eta larunbatean honela borobildu zuen: ... azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira, azken arnasa olatuekin joan dadin urrutira.

Igor Elortzaren ateraldi pare bat komentatu nahi genituzke.

Batean, Maddalen Lujanbio eta biak, gaiaren arabera.

Gabonetako jaiak pasa ondoren beren lantegira itzuli diren torneroak dira.

Maddalenek oso arrazoi politak bota zituen.

Adibidez, Erregeek, korbata eskatu eta, buzoa ekarri ziotela.

Igorrek erantzun itzela asmatu zuen: ... ni baino askoz hobeto zaude, ni lehengoarekin nator.

Beste saio batean Estitxu Arozena eta Unai Iturriagarekin pisua konpartitzen duen ikaslea da.

Komuna garbitzeko agintzen dio Iturriagari eta hona erantzuna: ... zertarako garbitu berriz zikintzeko.

Orduan Igorrek: (beraz) ez ezagu garbitu ipurdia ere.

Amaitzeko, Maddalen bertso bati buruz hitz bi.

Europatik iritsiko zaigun Abiadura Handiko Trena ipini zion gai Unai Agirrek.

Proiektu horren kontra mintzatu ondoren, egin zitzakeen txikizio eta kalteak sinbolizatzeko hain zuzen, zentzu biko amaiera hau eman zion azken bertsoari: Ikusi ere ez dugu egingo, baina sentituko dugu.